Gure garaiko artea

GURE GARAIKO ARTEA.
GUGGENHEIM BILDUMEN MAISULANAK

2014ko irailak 23 - 2015eko maiatzak 10

EZAGUT EZAZU

IREKIERA FASEAK: 2014ko irailak 23 - 2015eko otsailak 1 (Hirugarren solairua) | 2014ko urriak 23 - 2015eko maiatzak 6 (105. aretoa) eta 2015eko maiatzak 10 (Bigarren solairua)

Gure garaiko artea
ERAKUSKETA

Solomon R. Guggenheim Foundation eta Guggenheim Bilbao Museoaren arteko hogei urteko lankidetza ospatzeko, Gure garaiko artea. Guggenheim Bildumen maisulanak erakusketa bikaina antolatu da. Erakusketa honek 1997ko, Museoaren irekierako, erakusketa dakar gogora. Guggenheim Museoen funtsak erakusten dira: sortu ziren unetik gaurdaino izandako bilakaera islatzeko eta Guggenheim Bilbao Museoak urte hauetan Guggenheim Museoen parte izanik lortutako heldutasuna eta izandako eboluzioa, nazioarteko erreferente izateraino, agerian uzteko.

Erakusketak nolabaiteko kronologia jarraitzen du. Bigarren solairuan, nagusiki, formatu handiko lanak ikus daitezke, hala nola, Sol LeWitt-en horma-irudi bat, artistak berariaz areto jakin horretarako sortu zuena, edo Anselm Kiefer-en hainbat lan. Azken hauek orain erakusten diren galeria horretan jartzeko erosi ziren.

Goian aipatutako lanak osatzen dituzte 101. eta 104.ko aretoetako kokapen zehatzeko lanek: Jenny Holzer-en Bilborako instalazioa (1997) eta Richard Serra-ren Denboraren materia eskultura multzoa (1994–2005). Biak aginduz eskatu ziren espazio horietarako, Museoaren funtsezko eskuratzeildo bati jarraiki. Erakusketak, era berean, barne hartzen ditu kanpoaldeko lanak, beren kokalekuarekin elkarrizketa interesgarriei bide ematen dietenak: urmaelean, Yves Klein-en Suiturria (1961; 1997an sortua) artelan aldakorra eta Fujiko Nakaya-ren Laino-eskultura 08025 (FOG) (1998); ibaiari begira, Louise Bourgeois-en Ama (1999) erraldoia, Anish Kapoor-en Zuhaitz garaia eta begia (2009) eta Jeff Koons-en Idi-bihotzak (1995–2004); Museoko plazan, Jeff Koons-en Puppy (1992); eta, alboko Salbe zubian, Daniel Buren-en Arcos rojos/Arku gorriak (2007).

Sol LeWitt
Horma-irudia 831. zk. (Forma geometrikoak) [Wall Drawing #831 (Geometric Forms)], 1997
Akrilikoa horma gainean
Kokapen zehatzeko neurriak
Guggenheim Bilbao Museoa

Gure garaiko artea
ARTELANAK

Roy Lichtenstein
In, 1962
Olio pintura mihise gainean
142,2 x 172,7 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York
Artistaren dohaintza 99.5254
© Estate of Roy Lichtenstein


205. aretoa

Gehiago jakiteko

1960ko hamarkada XX. mendeko garai asaldatuenetako bat izan zen, bai kulturan, bai eta politikan ere. AEB gizarte industrializatu bilakatu zen, iristeko zegoen informazio-teknologien arorako prest. Bigarren Mundu Gerra osteko eta 1950eko hamarkadako gerra hotzean sortutako hazkunde ekonomiko handiaren ondorioz, indarberritu egin zen kontsumo-kultura. 1960ko hamarkadako aurreneko urteetan nazioarteko arte-panoraman eta, bereziki, New Yorken eta Los Angelesen batbatean sartu ziren artista batzuek aro komertzial berri horri erantzun zioten. Pop artea funtsean AEBn sortutako mugimendutzat hartu ohi da sarritan baina, artista eta teoriko britainiarrak izan ziren lehenak, 1950eko hamarkadaren bukaeran, Poparen oinarrizko printzipioak eztabaidatu eta formulatzen. Termino hau, “pop”, musikan eta modan ere aplikatu zen, eta bizimodu berezi bat adierazten zuen 1960ko hamarkadako gazteen artean. Hala, garrantzi handiko fenomeno soziologiko bihurtu zen eta mendearen bilakaera aldatu zuen.

Pop arteak epika alde batera utzi eta egunerokotasuna lantzen du, eta piloan ekoiztutako produktuei objektu bakar eta bereziari bezainbesteko garrantzia ematen die; ondorioz, “goi-mailako arte”aren eta “herri arte”aren arteko aldea ezabatzen du. Objektu arrunten irudi hotz eta mekanikoak agertu ohi ziren artelanetan, besteak beste, Roy Lichtenstein, James Rosenquist eta Andy Warhol-en lanetan. Irudiok, maiz, iragarkietatik, komikietatik, famatuen aldizkarietatik, publizitateko hesietatik, filmetatik, telebistatik zein kontsumo-produktuen ontzietatik hartzen zituzten. Irudi horiek umorez, argitasunez eta ironiaz aurkezten zituzten (eta horiez baliatuz eraldatzen zituzten batzuetan) eta herri kulturaren gorespen nahiz kritikatzat har daitezke.

Robert Rauschenberg
Gabarra (Barge), 1962–63
Olio-pintura eta serigrafiatutako tinta mihise gainean
203 x 980 cm
Guggenheim Bilbao Museoa eta Solomon R. Guggenheim Museum, New York, honako hauek egindako diru-ekarpen osagarriekin: Thomas H. Lee eta Ann Tenenbaum, Zuzendariaren Nazioarteko Batzorde eta Batzorde Betearazleko ondorengo kideak: Eli Broad, Elaine Terner Cooper, Ronnie Heyman, J. Tomilson Hill, Dakis Joannou, Barbara Lane, Robert Mnuchin, Peter Norton, Thomas Walther eta Ginny Williams; Ulla Dreyfus-Best, Norma and Joseph Saul Philanthropic Fund, Elizabeth Rea, Eli Broad, Dakis Joannou, Peter Norton, Peter Lawson-Johnston, Michael Wettach, Peter Littman, Tiqui Atencio, Bruce eta Janet Karatz eta Giulia Ghirardi Pagliai 97.4566


206. aretoa

Gehiago jakiteko

Robert Rauschenberg eta Cy Twombly artistak XX. mendearen bigarren erdiko giro artistikoan eragin handiena izan zuten bi egile nabarmen izan ziren. Ipar Karolinako Black Mountain College-n trebatu ziren biak, eta 1950eko hamarkada erdialdean haien berezko hizkuntza bisuala sortzea lortu zuten. Espresionismo Abstraktuaren berezko keinu heroikoekin kontrastatuz, Cy Twomblyren marra kaligrafikoak, sarritan zuriz margotutako gainazalen gainean beltzez egindakoak, grafitiekin parekatu dira maiz. Itxuraz abstraktua dirudien hizkuntza horrek kultur eduki sakona ere izan dezake, izan ere, Twomblyk literatura klasikoaren eta mitologiaren erreferentzia zuzenak txertatzen ditu bere artelanean. Robert Rauschenberg, bestalde, Pop Artearen aitzindaritzat jo daiteke, bere Combine artelanetan (“uztarketa”; pinturaren eta eskulturaren artekoa) kalean aurkitutako eguneroko objektuak eta aldizkari zein egunkarietatik hartutako irudiak jaso zituen eta. Edonola ere, Rauschenbergen artelanek artistaren berezko keinuak islatzen dituzte, eta ezaugarri horrek Pop Artearen estetika hotz, emozio gabeko eta inpertsonaletik desberdintzen du. Erakusketako lanak artisten bi lan ikoniko, eta handinahiak, dira. Rauschenbergek Gabarra (1962–63) 24 ordutan burutu zuen eta 1960ko hamarkadan hasitako margolan serigrafiatu eta dinamikoen arteko onenetako bat da. Komodori buruzko bederatzi gogoeta (1963) obra, Aurelio Komodo enperadorearen gobernu penagarriari buruzkoa da (K.o. 177 eta 192 urte bitartean egon zen agintean). Multzo bateratua osatzen duen pintura segida honek, irudi abstraktuak erabiliz, kontakizun indartsua eta zirraragarria iradokitzen du.

Georg Baselitz
Moskuko Hirugarren Internazionalaren Biltzar ahaztua 1920an, irudiaren eskuinaldean Ralf, haren ondoan Jörg (Der vergessene 2. Kongress der 3. kommunistischen Internationale in Moskau 1920; rechts im Bild Ralf, daneben Jörg), Lenin andrea eta urretxindorra (Mrs. Lenin and the Nightingale), 2008
Olio-pintura mihise gainean
300 x 250 cm
Guggenheim Bilbao Museoa


207. aretoa

Gehiago jakiteko

Georg Baselitz 1960ko hamarkadaren amaieran egin zen ezagun, irudiak buruz behera zituzten mihiseei esker. Irudiak, eta ez mihisea, itzulikatzean, konposizioaren ohiko arauak azpikoz gora jarri zituen, irudiaren eginkizuna beste modu batera aztertzeko eta lehenago egindako lanetatik, hots, haien narrazio kutsu handitik, aldentzeko. 1970ko hamarkadan eskuekin eta, geroago, oinekin margotzeari ekin zion; horrela azpimarratu nahi zuen pintatutako irudia gorputzaren mugimenduen emaitza ere bazela, ez buruaren, arimaren, gogoeta baten ondorioa bakarrik.

Lenin andrea eta urretxindorra (2008) lana hamasei mihiseko saila da —hemen bederatzi daude ikusgai— eta konposizio-egitura bera du oinarri: bi gizon buruz behera, elkarren ondoan eserita, zakilak agerian eta eskuak izter gainean. Irudi horren iturria Otto Dix-en Artistaren gurasoak II (1924) erretratu ezaguna da; beste lan askotan bezala, Baselitz-ek artearen historiako aurreko lan bat hartu eta bere modura berrinterpretatu zuen. Lan honetan, jatorrizko irudien ordez, bi diktadore margotu zituen: Vladimir Lenin eta Josiv Stalin. Saileko pintura bakoitzak titulua du. Izenburu horiek hitz-jokoak edo esaldi misteriotsuak dira, eta ez dituzte zuzenean erretratatutako diktadoreak aipatzen; aitzitik, iturri dituzte gaur egungo artisten lanen inguruko hausnarketak edo artistekin Baselitzek izandako topaldiak.

Anselm Kiefer
Bakarrik haizearekin, denborarekin eta soinuarekin (Nur mit Wind, mit Zeit und mit Klang), 1997
Akrilikoa eta emultsioa mihise gainean
470 x 940 cm
Guggenheim Bilbao Museoa


209. aretoa

Gehiago jakiteko

Joseph Beuys eta Anselm Kiefer artisten artelanak biltzen ditu areto honek. Belaunaldi desberdinetako artistak izan arren, ikuspegi kosmogoniko berezia partekatzen dute eta zenbait baliabide formal bertsuak dira haien lanetan.

Tximista oreina argituz (1958–85) Beuys-en instalazio nabarmenetako bat da. Artista alemaniarrak lurrarekiko, animaliekiko eta heriotzarekiko lilura etengabea adierazi zuen bertan. Hil aurreko urtean amaitu zuen instalazio honek, artistak bere ibilbidean barrena erabilitako zenbait teoria eta mitologia jasotzen ditu; hala ere, obraren benetako adiera artistaren “eskultura sozial”aren kontzeptuan aurki daiteke. Bada, Beuys-ek asmo zuen artelanen bidez ideiak sutatzea, ez adieraztea, eta espero zuen pentsamendu sortzailearen energiaz gizartea gaztetu eta argitzea.

Kiefer Neoespresionismo Alemaniarraren ordezkari nagusietako bat da. Alemaniako Espresionismoaren eta Espresionismo Abstraktuaren heroismo subjektiboa eta testuren erabilera berreskuratu zituzten mugimendu horretako artistek. Kiefer-ek historia bere artelanen gai bilakatzen du, bai Alemania bere jaioterriaren azkenaldiko historia, bai jada desagertutako zibilizazioen historia, esaterako, Mesopotamiarena; inoiz, biak uztartzen ditu. Formatu handiak lantzen ditu, ia arkitekturaren gisakoak; bertan bizi gara eta guregan ere haiek bizi dira. Artelan horietan nagusi da paleta ia monokromatikoa; askotariko baliabidez egiten ditu, eta, sarritan, material ezohikoak erabiltzen ditu, hala nola, berunezko xaflak, lastoa, igeltsua, haziak, errautsak eta lurra. Organikoak bat egiten du ez-organikoarekin, eta monumentaltasunak eta testuren aberastasunak bere lanaren handitasuna eta transzendentaltasuna areagotzen dituzte.

Sol LeWitt
Horma-irudia 831. zk. (Forma geometrikoak) [Wall Drawing #831 (Geometric Forms)], 1997
Akrilikoa horma gainean
Kokapen zehatzeko neurriak
Guggenheim Bilbao Museoa


208. aretoa

Gehiago jakiteko

Hirurogeiko hamarkadako zenbait artistek defendatu zuten artea ez zela zertan emozio baten ondorio izan, eta posible zela ideia baten ondorio izatea; muturreko jarrera zen. Hori aintzat hartuta, idatzitako jarraibideen bidezko sistema logiko bat sortu beharra zegoen Sol LeWitten iritziz, jarraibide horiek artelana gauzatu aurretik emaitza molda zezaten. Horma-irudiak sortzen zituen, baina haren aztarna autografikoa gera ez zedin, beste batzuek margo zitzaten agintzen zuen. Gainera, idatzitako jarraibide inpertsonaletik abiatuta margotzen zuten. Nolanahi ere, oso lan ikusgarriak dira. Hasierako lanak arkatzez, koloretako arkatzez, klarionaz eta margoez egiten zituzten, baina ondorengo hamarkadetan tintaz eta koloretako tinten urkoloreez (1980ko hamarkadan) eta akrilikoz (1997tik aurrera) egin zitezen agindu zuen. Horrela emaitza koloretsu eta erakargarriagoak lortu zituen. Halaber, hasierako lanetako lerro oker eta zuzenen uztarketa soilak irudi irregular eta dinamikoago bihurtu ziren urteak igaro ahala.

Horma-irudia 831. zk (Forma geometrikoak) artelana LeWittek areto honetarako berariaz sortu zuen 1997an, eta artistak pintura akrilikoaren teknikaz egindako lehen artelanetako bat izan zen. Tonu bizi eta saturatuak ditu —berdea, grisa, gorria, laranja, morea eta urdina— eta Frank Gehryk diseinatutako galeriaren arkitektura kurbatuari jarraitzen dioten forma geometriko irregularrak; horien bidez bete-betean bat egiten du artelan honek inguru arkitektonikoarekin, eta hura eraldatzen du.

Christian Boltanski
Gizakiak (Humans), 1994
Argazkiak eta argiak
Guztizko neurri aldakorrak
Guggenheim Bilbao Museoa


204. aretoa

Gehiago jakiteko

Gizakiak (1994) artelanean, artxiboetatik edo hedabideetatik hartutako mila pertsona anonimo baino gehiagoren argazkiak erabili zituen Boltanskik. Errealitatearekin lotura zuzena ezartzen du horrela, pertsona baten argazki bat ikustean pertsona hori existitu dela ondorioztatzeko joera baitugu. Irudi horiek, gainera, modu artifizialean zahartu zituen; hartara, heriotza eta desagerpena gogora ekartzen dute, baita, aldi berean, identitatearen galera ere.

Gizakiak (1994) artelanean, artxiboetatik edo hedabideetatik hartutako mila pertsona anonimo baino gehiagoren argazkiak erabili zituen Boltanskik. Errealitatearekin lotura zuzena ezartzen du horrela, pertsona baten argazki bat ikustean pertsona hori existitu dela ondorioztatzeko joera baitugu. Irudi horiek, gainera, modu artifizialean zahartu zituen; hartara, heriotza eta desagerpena gogora ekartzen dute, baita, aldi berean, identitatearen galera ere.

Alex Katz
Ursula irribarrez 2 (Ursula Smiles 2), 1993
Olio-pintura liho gainean
243,8 x 182,9 cm
Guggenheim Bilbao Museoa


203. aretoa

Gehiago jakiteko

Alex Katz estatubatuarraren Irribarreak (1993–94) saila emakumeen 11 erretratuk osatzen dute. Katz sarritan abiatzen da bere ingurukoetatik (emaztea, lagunak eta abar), eta haien bataio izenak erabiltzen ditu izenburuetan. Sail honetako emakumeak irribarrez ageri dira, hondo ilun baten aurrean. Hondoaren neutraltasuna eta hoztasuna irribarreen adiskidetasunaren oso bestelakoak dira, eta argi gehiegi erabiltzeak, hots, argazkilaritzari maizago lotutako baliabidea pinturara ekartzeak, desberdintasun hori areagotzen du, baita irudiaren lautasuna ere. Irribarreek ere, lanean funtsezkoak direnak, pinturen anbiguotasuna handitzen dute. Irribarrearen atsegintasuna eta hurbiltasuna erretratu batzuetako aurpegieraren urduritasunaz ohartzen garenean itzaltzen da

Katzen obra figuratiboa izan arren, asmoa ez da erretratua egiten ari zaion modeloaren nortasuna irudikatzea, irudikapenaren izateari eta irudien pertzepzioari buruzko hausnarketa sakonago bat aurkeztea baizik. Ibilbide osoan formatu handiak erabili ditu erretratuak egiteko, eta erretratuaz baliatu da irudiaren eta hondoaren arteko erlazioa aztertzeko. Inoiz pop artearen barruan sailkatu dute Katz; hala ere, artistak ez du horrelakorik onartzen.

Miquel Navarro
Harresi hiria (Ciudad muralla), 1995–2000
Zinka eta aluminioa
Kokapen zehatzeko neurriak
Guggenheim Bilbao Museoa


202. aretoa

Gehiago jakiteko

Miquel Navarro Espainiako eskultura garaikidearen artista berezienetakotzat jotzen da. Harresi hiria (2000–01) lan adierazgarria da, haren ibilbide osoko interesa islatzen baitu, hots, eskulturen bidez ideiak alderatzeko espazioak sortzea. 1973an lehenengo “hiria” egin zuen, eta ordutik beste hainbat egin eta berregin ditu, honako kontzeptu hauek beste modu batean hausnar ditzagun: espazioa, eraikuntzak, kokalekuak eta horiek guztiak neurtzeko giza gorputza erabiltzeko joera. Hiri horiek gaur egungo hirigintzako ereduak dituzte inspirazio-iturri eta eskultura-paisaia modukoak dira: arkitektura-elementuak dituzte eta horrela sorrarazten dute hiritik ibiltzearen esperientzia ikuslearengan. Navarrok lan hauen inguruan ibiltzera gonbidatzen gaitu, giza eskalaren nozioari eta errealitatearen eta adimenak hautematen duenaren arteko desberdintasunari buruzko gogoeta egin dezagun. Gure gizarte industrialaren ordena eta desordena agerian geratzen dira eskultura horietan eta Navarrok arkitekturaren eta eskulturaren arteko lotura konplexuari buruzko diskurtsoa laburtu eta aditzera ematen digu. Artistak dioenez “nire eskultura eskematikoenek ere, figuratiboak izateari utzi gabe, gizakiaren arrastoari jarraitzea ahalbidetzen dute”.

El Anatsui
Lurraren azala (Earth’s Skin), 2007
Aluminioa eta kobrezko haria
449,6 x 1.000,8 cm inguru
Guggenheim Abu Dhabi
© El Anatsui


105. aretoa

Gehiago jakiteko

Areto honetan Guggenheim Bildumetako azken eskuratzeak erakusten dira, orain ezagunak egiten ari diren artista garaikideak egindakoak. Aukeraketa honek erakundeak mundu mailako ekoizpen artistikoaren gainean duen interes handia islatzen du; izan ere, Kanbodia, Txina, Ghana eta Koreako, zein Europa eta AEBko artelanak biltzen dira. Artelan horien egileek askotariko gaiak landu dituzte, besteak beste, identitateaz, erbesteaz, memoriaz, arkitekturaren poetikaz, eraikitako ingurumenaren dinamikez, indarkeria fisikoaz eta errepresioaz dihardute.

Galeriaren lehen gunean, Mona Hatoum-en Gure etxea (1999) artelana ikus daiteke. Artistaren esperientzia pertsonalari estuki lotzen zaio, Beiruten jaio eta Londresen erbesteratutako palestinarra baita. Gune berean dago Danh Vo-ren Onena ala ezer ez (2010) artelana. Horrek erreferentzia egiten dio artistaren familiaren nahi bati, hain zuzen, bizimodu hobea izateko nahiari, Danimarkara joandako familia vietnamdarra baitira. Hurrengo gunean, Lee Bul artistaren eskulturek eta Julie Mehretu-ren margolanek erakusten dute elkarren artean konektatuta dauden kontzeptuei heltzeko —arkitektura irudikorra, hirigintza eta eraikitako ingurumenak norbanakoengan eragiten dituen ondorioak— baliabide asko erabil daitezkeela. Hirugarren guneak, berriz, Ai Weiwei, Ik-Joong Kang eta Sopheap Pich artisten lan multzoa biltzen du. Artista horiek materialen erabilera adierazkorrera jotzen dute gai biografiko, historiko eta politikoak adierazteko. Sorkuntza horiek guztiek, halaber ikusgai den Cristina Iglesias-en lanak bezalaxe, gaur egungo gai jakin batzuen inguruko eta askotariko lekuetako kultur tradizioen gaineko elkarrizketa emankorrari.

Gure garaiko artea
BA AL ZENEKIEN ... ?

Erakusketaren gune didaktikoetakoren bat bisitatuz gero, besteak beste, 17 urte bikainotan lagun izan dugun corpus sozialari ahotsa eman dioten zenbait ikus-entzunezko ikusteko aukera izango duzu: milaka bisitari, laguntzaile, artista, hezitzaile, Museoaren Lagun eta boluntario eta, oro har, Bilboko herritarren lekukotasunak biltzen dituzte. Proiektu honen ezinbesteko elementu dira guztiak. Horien guztien esperientziak eta ikuspuntu anitzak biltzen dituen lagin txiki bat ikusi dezakezu hemen; lekukotasun horiek Guggenheim Bildumen eta Guggenheim Bilbao Museoaren bilakaeraren interpretazio irekia eta anitza eskaintzen dute.

Gure garaiko artea
JARDUERAK


GOGOETA PARTEKATUAK*

Ezagutu itzazu…
Gure garaiko artea. Guggenheim bilduen maisulanak erakusketaren artelan esanguratsuenak

ARTE ARDURA ARLOKO IKUSPEGIA Modernitatetik Minimalismora (3. solairua)

Álvaro Rodriguez Fominaya

FUNTSEZKO KONTZEPTUAK Modernitatetik Minimalismora (3. solairua)

Luz Maguregui

ARTE ARDURA ARLOKO IKUSPEGIA Pop-etik gaur egungo artera (2. eta 1. solairuak)

Lucía Agirre

FUNTSEZKO KONTZEPTUAK Pop-etik gaur egungo artera (2. eta 1. solairuak)

Marta Arzak

Elkargunea: Informazio-mahaia. Ordutegia: 18:30–19:30. Sarrerak: 2 € Museoaren Lagunak / 3 € publiko orokorra (Museoko sarrera ez dago barne; ezinbestekoa da webgunean erreserba egitea). Talde bakoitzeko 8 pertsona gutxienez.

*Babeslea: Fundación Vizcaína Aguirre.



ENSEMBLE KANDINSKY-SWITZERLAND TALDEAREN KONTZERTUA

Gure garaiko artea. Guggenheim Bildumen maisulanak erakusketaren harira, Museoak Ensemble Kandinsky-Switzerlanden kontzertu bikaina eskainiko du, Basileako Paul Sacher Fundazioaren laguntzarekin.

- Pianoa: Benjamin Engeli
- Klarinetea: Nils Kohler
- Kanpaiak: Iñaki Tellería
- Sopranoa: Sarah Kollé
- Biolina: Kamilla Schatz
- Biolina: Malwina Sosnowski
- Biola: Zvi Carmeli
- Biolontxeloa: Pi-Chin Chien

Erakusketari zuzenean lotzen zaion egitarauak, klarinete, piano, biola, biolin eta biolontxelorako piezen errepertorioa eskainiko du, besteak beste, Wolfgang Amadeus Mozart, Igor Stravinski, Erik Satie, Arnold Schönberg eta Morton Feldman musikagileenak. Klasikotasunetik garaikidetasunerako ibilbide musikala da.

Lekua eta ordua:
Museoko Entzungela, 19:00
Sarrerak:
Sarrerak Museoko txarteldegian eta webgunean eskuragarri: 5 € Museoaren Lagunak eta 8 € publiko orokorra.

*Urriaren 22an eta 23an erakusketa ikustera hurbiltzen diren bisitariek ere izango dute talde honek Museoaren aretoetan eskainiko dituen musika emanaldi laburrez gozatzeko aukera. Kontsulta itzazu ordutegiak Museoaren informazio-mahaian.


ARTE JAIALDIA. GOZA EZAZU GURE GARAIKO ARTEA!

Arteari, sormenari eta diziplina anitzei buruzko jaialdia, Museoaren XVII. urteurrenaren harira eta Gure garaiko artea Bilduma Iraunkorraren erakusketa handiari lotuta. Publiko mota guztiei zuzendutako jarduera ugari izango dira.

Informazioa eta sarrerak: asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara, 944 359 080 telefonoan edo Museoaren webgunean.

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.