Roy Lichtenstein
In, 1962
Olio pintura mihise gainean
142,2 x 172,7 cm
Solomon R. Guggenheim Museum, New York
Artistaren dohaintza 99.5254
© Estate of Roy Lichtenstein


205. aretoa

Gehiago jakiteko

1960ko hamarkada XX. mendeko garai asaldatuenetako bat izan zen, bai kulturan, bai eta politikan ere. AEB gizarte industrializatu bilakatu zen, iristeko zegoen informazio-teknologien arorako prest. Bigarren Mundu Gerra osteko eta 1950eko hamarkadako gerra hotzean sortutako hazkunde ekonomiko handiaren ondorioz, indarberritu egin zen kontsumo-kultura. 1960ko hamarkadako aurreneko urteetan nazioarteko arte-panoraman eta, bereziki, New Yorken eta Los Angelesen batbatean sartu ziren artista batzuek aro komertzial berri horri erantzun zioten. Pop artea funtsean AEBn sortutako mugimendutzat hartu ohi da sarritan baina, artista eta teoriko britainiarrak izan ziren lehenak, 1950eko hamarkadaren bukaeran, Poparen oinarrizko printzipioak eztabaidatu eta formulatzen. Termino hau, “pop”, musikan eta modan ere aplikatu zen, eta bizimodu berezi bat adierazten zuen 1960ko hamarkadako gazteen artean. Hala, garrantzi handiko fenomeno soziologiko bihurtu zen eta mendearen bilakaera aldatu zuen.

Pop arteak epika alde batera utzi eta egunerokotasuna lantzen du, eta piloan ekoiztutako produktuei objektu bakar eta bereziari bezainbesteko garrantzia ematen die; ondorioz, “goi-mailako arte”aren eta “herri arte”aren arteko aldea ezabatzen du. Objektu arrunten irudi hotz eta mekanikoak agertu ohi ziren artelanetan, besteak beste, Roy Lichtenstein, James Rosenquist eta Andy Warhol-en lanetan. Irudiok, maiz, iragarkietatik, komikietatik, famatuen aldizkarietatik, publizitateko hesietatik, filmetatik, telebistatik zein kontsumo-produktuen ontzietatik hartzen zituzten. Irudi horiek umorez, argitasunez eta ironiaz aurkezten zituzten (eta horiez baliatuz eraldatzen zituzten batzuetan) eta herri kulturaren gorespen nahiz kritikatzat har daitezke.

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.