Anselm Kiefer
Bakarrik haizearekin, denborarekin eta soinuarekin (Nur mit Wind, mit Zeit und mit Klang), 1997
Akrilikoa eta emultsioa mihise gainean
470 x 940 cm
Guggenheim Bilbao Museoa


209. aretoa

Gehiago jakiteko

Joseph Beuys eta Anselm Kiefer artisten artelanak biltzen ditu areto honek. Belaunaldi desberdinetako artistak izan arren, ikuspegi kosmogoniko berezia partekatzen dute eta zenbait baliabide formal bertsuak dira haien lanetan.

Tximista oreina argituz (1958–85) Beuys-en instalazio nabarmenetako bat da. Artista alemaniarrak lurrarekiko, animaliekiko eta heriotzarekiko lilura etengabea adierazi zuen bertan. Hil aurreko urtean amaitu zuen instalazio honek, artistak bere ibilbidean barrena erabilitako zenbait teoria eta mitologia jasotzen ditu; hala ere, obraren benetako adiera artistaren “eskultura sozial”aren kontzeptuan aurki daiteke. Bada, Beuys-ek asmo zuen artelanen bidez ideiak sutatzea, ez adieraztea, eta espero zuen pentsamendu sortzailearen energiaz gizartea gaztetu eta argitzea.

Kiefer Neoespresionismo Alemaniarraren ordezkari nagusietako bat da. Alemaniako Espresionismoaren eta Espresionismo Abstraktuaren heroismo subjektiboa eta testuren erabilera berreskuratu zituzten mugimendu horretako artistek. Kiefer-ek historia bere artelanen gai bilakatzen du, bai Alemania bere jaioterriaren azkenaldiko historia, bai jada desagertutako zibilizazioen historia, esaterako, Mesopotamiarena; inoiz, biak uztartzen ditu. Formatu handiak lantzen ditu, ia arkitekturaren gisakoak; bertan bizi gara eta guregan ere haiek bizi dira. Artelan horietan nagusi da paleta ia monokromatikoa; askotariko baliabidez egiten ditu, eta, sarritan, material ezohikoak erabiltzen ditu, hala nola, berunezko xaflak, lastoa, igeltsua, haziak, errautsak eta lurra. Organikoak bat egiten du ez-organikoarekin, eta monumentaltasunak eta testuren aberastasunak bere lanaren handitasuna eta transzendentaltasuna areagotzen dituzte.

Orri honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa eraginkorragoa izan dadin eta zerbitzu pertsonalizatuagoa izan dezazun. Nabigazioarekin jarraituz gero, cookien erabilera onartzen duzula ulertuko dugu.
Konfigurazioa aldatu edo informazio gehiago eskura dezakezu gure Cookien Politika bidez.